Euskaraz eta literaturaz zipriztinduz

2017(e)ko otsailaren 20(a), astelehena

Nire NIA aberasteko proposamenak



Nire NIAren diagrama osatu ostean, eta berton proposatutako adituen bideoak aztertu ostean, hauexek dira berau hobetzeko nire oinarrizko proposamenak:

- Nire NIA aberasteko lehenengo pausua jarrera aldatzea izan beharko lizateke. Izan ere, lotsa kontuengatik edo zelanbaiteko erreparoagatik, nire buruari mugak jartzen dizkiot, sare sozialen erabileran batez ere. Jordi Adellek bere bideoan dioen legez, modu aktiboan parte hartu behar dugu, eta ni neu kontsumitzaile hutsa naiz eta ez ekoizlea; beraz, berak dioen bezala, karma ona izaten eta eskuzabala izaten saiatu beharko nuke gainerakoengandik ere erantzun bera jaso ahal izateko. Hau da, uzta jasotzeko erein egin behar dugu.

- Blogetara harpidetu RSS jarioaren bidez informazioa jasotzeko. Sarean nire interesekoak diren  orrialdeak gogokoenetan ditut sailkatuta eta horrela kontsumitzen ditut. RSS jarioaren bidez denbora hobeto kudeatuko nuke eta dena zuzenagoa izango litzateke.

-Blogari zentzua emanez, sortu dudan blog hori ere aurrerantzean erabiltzea. Egia esan, niri horrelako gauzek lotsa ematen didate ez dudalako uste nik konpartitzeko moduko gauzarik dudanik, baina dena martxan jarri arte ezin da jakin zein izan den emaitza.

-Twitter erabiltzea. Ez dut sare sozialak erabiltzeko ohitura, facebookeko kontua izan arren, ez dudalako ia erabiltzen eta orain arte ez dut Twitter erabili arrazoi bera tarteko.

- Askotan izan dut buruan nire arlo berean (euskararen irakaskuntzan) dabilen irakasleen foro bat izatea. Batez ere materiala elkarbanatzeko, egunerokotasunean sortzen zaizkigun zalantzak argitzeko, metodologia desberdinei buruz hausnartzeko, ikasleekin arrakasta edo porrota izan duten gai edo ekintzei buruz berba egiteko… Azken finean, gure irakasgaiari buruzko ikuspegi berri eta desberdina lortzeko plaza bat izatea. Facebooken badaude irakaskuntzan dihardugunok osatutako hainbat talde eta oso baliagarriak dira oinarrizko informazioa jaso eta trukatzeko, baina nik neuk neure arloko taldetxoa botatzen dut faltan.

1 iruzkin:

  1. Kaixo, Nerea:
    Oso interesgarriak dira zure NIA aberasteko proposatzen dituzunak. Egia esan, denen atzean jarrera eta komunikazioa dagoela azpimarratuko nuke. Arrunta da halakoak entzutea: "ez dut uste nik konpartitzeko moduko gauzarik dudanik". Baina... nork du konpartitzeko zerbait izateko ohorea? Benetako aberastasuna elkarbanatzea da, horrek aberasten baitu sarea bera. Zuretzat erdipurdikoa den zerbait ziur oso baliagarria izango zaiola beste irakasle bati (edo ikasle bati!), zeuk besteenak erabiltzen dituzun bezala. Euskarako irakasle izanda, sarea euskalduntzeko ahaleginak zer nolako garrantzia duen ongi baino hobeto jakingo duzu. Beraz, lotsa kanpora eta euskara sarera! :)
    Mila esker egin duzun lan handiarengatik eta zorionak!
    Besarkada bat eta segi horrela. :)
    #eDIGCOMP Taldeko Amaia

    ErantzunEzabatu