Euskaraz eta literaturaz zipriztinduz

2017(e)ko abenduaren 20(a), asteazkena

Euskara batuaren eta euskalkiaren erabileraren inguruan hausnarketa

Idatzizkoa lantzeko jarduera didaktikoa

Euskara batuaren eta euskalkiaren erabileraren inguruan hausnarketa egitea dugu helburu. Betiere, argudiozko baliabideak landuz.


Baliabide digitala:




Belaunaldi gazte hauen iritziak entzun ditugu. Esparru ezberdinetan euskara batuak eta euskalkiek duten erabileraz dihardute. Hauen esanak entzun ostean, zuek papereratu beharko duzue zuen iritzia.

Euskalkien lanketa

Hiztegia/hizkera zein ahozkoak lantzeko jarduera

Abesti tradizionalen bidez, euskalkien lanketara hurreratzea da jarduera honen helburua.
Ahotsak.eus atariak ikasgelan izeneko gunea dauka eskuragarri irakaskuntza erabili ahal izateko.
Bertatik jaso dut hurrengo baliabide digital hau: http://ikasgelan.ahotsak.eus/fitxak/hiru-kanta-herrikoi

Sekuentzia didaktikoaren deskribapena:

  • Bideoa ikusi ostean, ulermena ziurtatu. Zalantzak argitu.
  • Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu darabilten hizkera (euskalkia) kontuan hartuz.
  • Abestiak sakonxeago aztertuko ditugu, guztion artean bertan proposatzen duten eran.

Ergatiboa ate-joka

Gramatika lantzeko jarduera didaktikoa



Euskarazko ergatiboaren erabilera egokia lantzea eta duen garrantziaz ohartaraztea da helburua
Lehengo honako bideo hauek ikusiko ditugu:




Ondoren, aurreko jardueran, tertulia dialogikoan, entzundako okerrak fitxa batean batu ditugunez, horiek landuko ditugu, besteak beste ergatiboan erreparatuz.


Euskararen erabilerari buruzko haunarketa

Ahozkoa lantzeko jarduera (aldi berean baita gramatika ere)
Denok dakigu gure ikasgeletan euskararen erabilera nolakoa den. Hori dela-eta, euskararen erabilerari buruzko hausnarketa egitea dugu helburu.
Tribuaren berbak telebistako saioan oinarritutako sekuentzia didaktikoa hau erabiliko dugu horretarako: https://tribuarenberbak.weebly.com/01-jarduera3.html

Honako bideo hau ikusi eta gero, ahozko tertulia dialogikoa egingo dugu, argudiozko baliabideak erabiltzea (lehenago klasean landu direnak) ezinbesteko baldintza bezala ezarriz.

(Irakasleak tertulian zehar entzundako akatsak edo okerrak apuntatuko ditu hurrengo jarduera batean erabili ahal izateko)

Argudiozko baliabideak

Irakurriaren ulermena lantzeko jarduera didaktikoa

Jarduera honen helburua, izenburuan esan bezala, erabilitako argudiozko baliabideak identifikatzea da.
Ikasbileko honako testu hau irakurri ostean,  Xabier Kintana euskaltzainak erabilitako argudiozko baliabideak identifikatu behar dituzue.
Blogeko iruzkinak idazteko gunean erantsi zuen erantzunak.


Jakina! Euskal Tribiala

Gabon garairako denbora-pasa aproposa duzue honako hau: Jakina! Euskal Tribiala


Euskaraz sortutako lehenengo trivial formatuko online jokoa da . Sei jokalari aritu daitezke aldi berean eta zortzi gaien arteko 4.800 galderen bitartez jokatu.

Jokoaren helburua  erreminta atsegin, dibertigarri eta didaktikoa eskaintzea da, jokoaren bidez euskaldunon arteko harremana sendotzeko.
Maila eta gai desberdinetako galderak daude; beraz, ez beldurtu, askotan ni neu ere trabatu egiten naiz eta. Baina hori da kontua, ez? Dena primeran egiteak ez baitu graziarik!!!
Hala ere, kontuan hartu aholku hauek:
1- jakina.eu gunean sartu eta irakurri bertako ohar guztiak.
2.- Jolasten hasterakoan, gai bat aukeratu beharko duzue. 
  • Euskara eta literatura
  • Kirola eta aisialdia
  • Zientzia eta teknologia
  • Geografia eta historia
  • Kultura eta artea
  • Zinema eta ikuskizunak
  • Gizartea eta ohiturak
  • Musika eta dantza
3.- Taldeka, bata bestearen aurka, jokatu dezakezue, bakoitzak puntuazio desberdin bat lortuz, asmatutako eta oker esandako erantzun kopuruaren arabera.

Gogoan izan euskara lantzea dela helburua, ez irabaztea! Animo!

2017(e)ko abenduaren 19(a), asteartea

Euskal jaiak, lore jokoak

Literatura landuz, ulermen-ariketa 

XIX. mendeko Lore jokoak zer izan ziren, nork sortu zituen, nolakoak ziren eta izan zuten garrantzia azaltzen ditu Xabier Kerejeta historialariak. (Kontuan hartu behar da elkarrizketa 1998. urtekoa dela) 

 Euskal jaiak, lore jokoak


Entzungai hau bi aldiz entzungo dugu:

- Lehenengo entzunaldian, eskema batean bertako ideia nagusiak eta hitz klabeak apuntatuko dituzue.
- Entzunaldi bien artean, tarte bat izango dugu ezezagunak diren hitzak edo ulertu ez diren kontzeptuak lantzeko. Horrela, bigarren entzunaldian aurrekoan sortu zaizkizuen zalantzak argiago izango dituzue.
-Bigarren entzunaldiaren ostean, Lore Jokoei buruzko azalpen-testu bat idatzi beharko duzue (testua idatzi, ez galderak banan-banan erantzun). Honako ideiak jaso behar ditu testuak:
http://uztarria.eus/herri_aldizkaria/2001/21/Euskal_festak/Sortzailea

  1. Zein testuingurutan sortu ziren Lore Jokoak?
  2. Nor izan zen haien sortzaile eta bultzatzaile nagusia? Zergatik bera? Beste pertsonaia nagusirik izan al zen?
  3. Zein ekintza jasotzen zituzten Lore Jokoek? Zein da hauetatik deigarriena Kerejetaren ustez?
  4. Kerejetak Lore Jokoen bi ondorio nagusi azpimarratzen ditu. Zeintzuk?
  5. Non ospatzen ziren hasieran eta nora zabaldu zen ospakizuna? Eraginik izan al zuen honek?
  6. Zer zerikusi du “zazpiak bat” leloak Lore Jokoekin?
  7. Euskal Herrian soilik ospatzen al ziren?
  8. Lore Jokoen garapena nolakoa izan da egunera arte?

 

Bertsolaritza, oholtzapeko sekretuak

Bertsolaritza, oholtzapeko sekretuak izeneko bideo honekin, bertsolaritzari buruz hitz egiteko aukera paregabea izateaz gain, bideoa ikusterakoan, bizi izan ditugun sentsazioei buruz berba egiteko aukera daukagu. Sentsazioak azaltzerakoan, adjektiboak landu daitezke.
 
Bideoa ikusterakoan, 9:45 inguruan eten bat egitea gomendatzen dizuet. Lehen hausnarketa bat egiteko eta jarraian bukaera ikusten jarraitzeko. Bukaeran, esandakoa ondo ulertu baldin baduzue, noski, hasieran izandako sentsazioak bukaerakoekin alderatu daitezke.


Adjektiboen sailkapena

Gramatika landuz: adjektiboak


Izenak zelakoak diren azaltzen dizkigute adjektiboek, izenaren zernolakotasuna.
  • mahai txiki bat oparitu nion; tximista ikaragarri hark txakurra beldurtu zuen…
  • ekarri egurrezko ontzia mesedez; zilarrezko belarritakoa galdu dut…
Adibide horietan lau adjektibo daude: txiki eta ikaragarri; eta egurrezko eta zilarrezko.
- Lehenengoak mahaia nolakoa den esaten du, eta bigarrengoak tximista nolakoa den.  
- Egurrezko ontzia edo zilarrezko belarritakoa esaten badugu, egurrezko eta zilarrezko hitzek ere izenaren kualitate bat adierazten dute, baina horiek ez dira benetako adjektiboak, izenlagunak dira.


Adjektiboen kategorian bi eratako elementuak biltzen dira, izenondoak eta izenlagunak:
  • izenondoak: auto zuri hori, janari goxoa
  • izenlagunak: herriko etxea, amaren janaria…

  • txuri, estu, berde, txiki, jator, ergel, zatar, handi… horiek guztiak izenondoak dira, adjektibo “garbiak” nolabait. Adjektiboen kategoria osatzen dute eta halaxe ageri dira hiztegietan, hiztegi hitzak dira. Batzuetan atzizkiren bat ere har dezakete: mamitsu, jakintsu, ikusgarri, barregarri, eta abar.
  • herriko, harrizko, plazako, lagunaren, apaizaren… adjektiboak, berriz, izenlagunak dira. Herri, harri, plaza, lagun eta apaiz izenak dira, eta horrela ageri dira hiztegietan, baina izen horiei –ko edo –en atzizkiak erantsiz izenlagun bihurtzen dira, eta horrenbestez, adjektiboen kategoriari dagozkio.

Gabonetako zorion-txartel digital

Santillana argitaletxeak proposamen polit bat helarazi digu irakasleoi. Bigarren Hezkuntzan Eguberrietako zorion-txartel digitala egingo dugu. Aukera paregabea dugu hitz gutxitan, mezu zuzen, pertsonal eta berdingabe bat sortzeko.

Ondorengo testua Santillanatik jasotakoa da, pausuz pausu zelan egin behar den azaltzen digu. Ingelesez dagoen webgune batetara bideratzen gaitu, badirudi, oraingoz behintzat, webgune elebakarra dela.

Posta arruntean idatzizko zorion-txartelak jasotzea atsegin dugun arren, ezin saihestuzkoa da nola posta elektroniko bidez hala mugikorrera WhatsApp bidez iristen zaizkigunak birbidaltzeko tentaldian ez erortzea. Gehienak errepikatuta daude, eta inpertsonalak dira, eta azkenean, beti zorion-agur berberak jasotzen eta bidaltzen ditugu. 

Teknologia berriei esker, gure gustuko zorion-txartelak hutsetik abiatuta sor ditzakegunez, zer iruditzen zaizue aurten zorion-agur digital bat egiten badugu senideei eta lagunei bidaltzeko?

Zorion-agur bat erraz eta azkar sortzeko, www.gallereplay.com/ecard/ webgunean sar gaitezke, eta gehien gustatzen zaizkigun animazioko irudiak aukeratu; oso erraza da, eta ez da aplikaziorik deskargatu behar hori egiteko. Edozein gailu erabiliz konektatu gaitezke. 


Webgunean sartu ondoren, «Get Started» klikatuko dugu, eta Eguberrietako gure zorion-txartela sortzen hasiko gara. Gehien gustatzen zaigun irudia hartu, eta «Next» tekla sakatzea izango da hurrengo urratsa, eta ondoren, aurkituko ditugun proposamenen artetik zer pantaila-hondo eta kolore erabili nahi ditugun aukeratzea.
 

Orain, Eguberrietako gure zorion-txartela sor dezakegu, eta bidali nahi dugun testua idatzi.
Aplikazioak hiru eremu ditu adierazteko nori dagoen zuzenduta zorion-txartela, zer zorion mezu
idatzi nahi dugun, eta zorion-agurra ixteko idatzi nahi dugun sinadura edo testua. Gero, bi botoi sortuko dira; bat esteka sortzeko izango da, eta bestea, zuzenean posta elektroniko bidez bidaltzeko. Bidali aurretik nola geratu den ikusi nahi izanez gero, orrialdearen goiko aldean, eskuinean, dagoen «Preview» botoia klikatu dezakegu, eta aldaketaren bat egitea beharrezkoa ote den ikusi.
 

Hurrengo egunetan, posta elektronikoko gure postontziak eta WhatsAppeko txatak Eguberrietako
zorion-agurrak dituzten argazkiz eta irudiz nola betetzen diren ikusiko dugu. Baina, zalantzarik gabe, gure zorion-agurra askoz bereziagoa izango da.




Nik neuk idatzi eta bidali dut nirea. Oso-oso erraza da! Orain, zure txanda da!!

Euskalbar

Ordenagailurako ezinbesteko tresna da Euskalbar: euskarazko hiztegia guztiak klik bakarrera.

Zuzentzailearekin batera, gure ikasle guztiei gomendatzen diedan tresna da, erabilerraza eta praktikoa. Gelako ordenagailuan instalatzeko ohitura dut, ikasleek behar dutenean eskura izan dezaten.

Firefox nabigatzailean instalatu behar da eta tresna-barra bakarrarekin nahi ditugun hiztegiak eskura ditugu.


  • Tresna-barrako botoiak sakatuz. Modu horretan hiztegi bat kontsultatzen da klik bakoitzeko.
  • Enter tekla sakatuz. “Hobespenak” atalean hautatu diren hiztegiak kontsultatzen dira, aldi berean, bakoitza fitxa batean.
  • Shift+Enter teklak sakatuz. “Hobespenak” atalean hautatu diren hiztegiak kontsultatzen dira, aldi berean eta fitxa berean.
  • Saguaren eskuineko botoia sakatuz. Web-orri bateko testua hautatu, saguaren eskuineko botoia sakatu eta kontsultatu nahi den hiztegia aukeratuz “Euskalbar” menuan.

2017(e)ko abenduaren 18(a), astelehena

Blog honen helburua

Blog honen izenak ez dizue ezer askorik transmitituko, baina niretzat izen berezia da. Izen horren pean sortua naizelako eta bertan jaso dudalako, eman didatelako, gure hizkuntza hau.

Bloga duela hilabete batzuk egindako ikastaro baterako sortu nuen, eta zoritxarrez, ez nien jarraipenik. Baina oraingo honetan espero dut ez izatea horrela. jarraipenik. 

Euskara eta Literaturako irakaslea naiz eta arlo hori lantzeko baliabide digital erabilgarri eta funtzional bat egitea dut helburu. Geure ikasleentzako, hauen familientzako, lankideentzako edo gaian interesa duen beste edozeinentzat. 

Hausnarketak, materialak, proposamen didaktikoak, bitxikeriak... zabaltzeko eta partekatzeko gunea da hau. Baina ez alde bakarrekoa: elkarreragina beharrezkoa delako, ematea eta jasotzea, blogaren erabilera alde bakarrekoa izan ez dadin.

Ikasturte honetan eta baita aurreko bi ikasturteetan ere, DBHko 3. mailan dihardut. Hori dela-eta, oraingoz, maila horretako ikasleentzako idatziko dut batez ere.