Euskaraz eta literaturaz zipriztinduz

2017(e)ko martxoaren 6(a), astelehena

Irakasleon inplikazioaz



Jarduera honetako bideoak ikusterakoan, lehenago ikastaro honetan bertan nik aipatutako pare bat aipu etorri zaizkit gogora, zelanbait esateko, lehenago nik aipatutako bi kontu errepikatu direla esango nuke eta nire hausnarketa idazterakoan, behardada lehenago esandako gauza bera errepikatuko dut. Baina denok dakigu, irakaskuntzan eskarmentua daukagunok badakigu hori eta, gauzak behin baino gehiagotan errepikatzea ez dela zertan astuna edo errepikakorra izan, gauzak behin eta berriro azpimarratzeak nabarmendu gura dugun horri garrantzia ematea dakar-eta.

Argi eta garbi dago hezkuntza eredua aldatu behar dela, eta horretarako ereduak izatea beharrezkoa da: gaur egungoek beste nonbaitetik hartuta eta zergatik ez, etorkizun hurbil batekoak gaur egungoengandik jasoa.

Irakasleon etengabeko formakuntza beharrezkoa da, eta ezin gara eskoletan ematen dituzten formakuntza-saioetara mugatu. Kalitatezko hezkuntza bat nahi baldin badugu, etengabeko irakaskuntzan murgildu behar gara, presio barik, baina lokartu barik. Medikuen ogibidea garrantzitsua da bizitzak dituztelako beraien eskuetan, baina gure kasua ez al da bera, bada? Beraz, beraiek bezala gu ere bizimodu aldakor honetan integratu behar gara nahitanahiez.
Iaz, gure institutuan IK/KI (Ikasteko Kooperatu / Kooperatzen Ikasi) programa txertatzen hasi ziren eta horretarako hainbat formakuntza-saio eman zizkiguten irakasleoi. Hala ere, nik gai hori jorratzen zuen ikastaro bat egin nuen online hementxe bertan, oraintxe egiten ari garen moduko bat. Lankideei ikastaro horren berri eman arren, inor gehiago ez zen animatu, nahiz eta jakin hurrengo ikasturteetan ere metodologia hori erabili beharko zutela eta denak guztiz galdurik egon arren.
Gure ikasleek eta beraien gurasoek horren berri izanez gero, zelan uste duzue erreakzionatuko zutela? Beraiek eredutzat dituztenek jarrera hori baldin badute, zelan exijituko diegu guk geure buruari exijitzen ez dioguna?

Maitek kontatzen duen hatxe hizkiaren/ adibidean erabat identifikatuta sentitu naiz, bai horixe! Beste irakasleek ez ei dute kontuan hartzean bera ordura arte matxakatzen ibili dena, eta nik neuk ondo ulertzen diot sentitzen inpotentzia sentimendu hori ezagutzen dudalako. Hementxe berridatziko dut NIAri buruz aritu ginenean, gure foroko elkarrizketa batean kontatu nuena:
Iaz Bigarren Hezkuntzako oposaketetan, nire lankide batzuk tribunalean egon ziren, tartean euskara mintegiko bat. Esan zigun lotsagarria zela, ezin zela sinistu, zuzendu behar zituzten idatzizko azterketa askoren euskara maila: ergatiboak gaizki erabilita, esaldien ordena, puntuazio desegokia, ulergaitzak ziren idatziak, akats ortografikoak... Jende gutxik gainditu zuen eta gainditutako askok tribunaleko kideen eskuzabaltasunari esker, oso zorrotz jarriz gero, askok jende gutxiagok gaindituko ei zuelako.
Irakasle-gelan kontu horri buruz berbetan geundela, beste mintegietako hainbat lankidek esan ziguten beraien ikasgaietan ezin zirela hain zorrotz jarri hizkuntza kontuekin, edukiari eman behar ziotelako garrantzia. Nire erantzuna berehalakoa izan zen, ezin bainuen onartu entzuten ari nintzena. Hau da, euskara irakasleok baino ez al dugu hizkuntza zuzena exijitu behar? Hizkuntza behikularra izanik, zelan onartu daiteke jarrera hori? Ezta pentsatu ere! Hor ere beste arlo askotan bezala, kontzientzia falta itzela dagoela iruditzen zait. Zelan gainditu dezake gure seme-alaben irakaslea izan daitekeen pertsona batek horrelako oposaketa bat, bere arloko edukiak menperatu arren, euskara maila egokia izan barik?”

Ikastetxe mailako IKT plana behar dela aipatzen du Maite GoƱik bideoan. Horrekin guztiz ados nago, baina ni haratago ere joango nintzateke. Josik lehenago aipatu du irakasleon arteko kooperazioa eta koordinazioa behar dela, baina gai honetan ikastetxeen arteko koordinazioa eta kooperazioa exijituko nuke nik, ikas komunitatearena, hain zuzen ere. Eusko Jaurlaritzak eta Hezkuntza Sailak lan asko dute egiteko IKTen eta konpetentzia digitalen arloan, baliabide urriak eta tresna zaharkituak nonahi aurki daitezkeelako: konexio eskasak, hainbat ikastetxetan paleolito garaiko ordenagailuak eta kopuruz murritzak, sarean irakaskuntzarako baliagarriak izan daitezkeen atari batzuetarako sarrera mugatuak, ikusentzunekoetarako soinu deitoragarria…
Aurreko blokeko jardueran, NIA aztertzerakoak ere aipatu nuena errepikatu dut hemen: “Uste dut aipagarria dela nabarmentzea ikastetxe batetik bestera lan egiteko era asko aldatzen dela eta ondorioz, gure lan egiteko era eta gure baliabideak ere bai. Ikasturtez ikasturte (edo baita epe laburragoan ere) ikastetxez aldatzen garenok zentro horretako lan egiteko modura moldatu behar gara, nahiz eta norbere lan egiteko erak eta norbere identitateak ere irmo jarraitu. Horrelakoetan ez da hain erraza lehenago erabilitako tresna bat erabiltzen jarraitzea, posible delako zentro berri horretan beste baliabide bati ematea garrantzia eta zuk ere hori erabili behar izatea aurrekoa barik”.

1 iruzkin:

  1. Eskerrik asko Nerea zure ekarpenagatik:
    Jarrera kritikoa behar-beharrezkoa dugu teknologiaren erabilpenean, bizitzan bezala ezta?
    Erabat ados nago zure baieztapen-gogoetarekin: ikastetxe batetik bestera lan egiteko era asko aldatzen dela eta ondorioz, gure lan egiteko era eta gure baliabideak ere bai."
    irakasleon eta ikastetxeen funtzionamendua hobetze aldera badugu zer ikasi ezta? Eta zer KO-ordinatu
    Segi horrela Nerea :-)
    #eDIGCOMPen #partekatuzikasi egiten dugu-ta
    J

    ErantzunEzabatu