Euskaraz eta literaturaz zipriztinduz

2017(e)ko martxoaren 13(a), astelehena

Praktika ona diseinatzen: Batxilergoa



Oraingo honetan batxilergorako praktika ON bat diseinatzerakoan kontuan hartu behar ditugun gakoak adostu behar izan ditugu talde-lanean.

Talde-lanari ekiteko, gai honetan esperientzia duten aditu batzuen azalpenak entzuteko aukera izan dugu: alde batetik, Birginia Pozok, aurreko jarduerako bideoan Ainhoa Pujanak emandako azalpenetan sakonduz, 6Cen nondik norakoez azalpen zehatzak eman dizkigu bideo berri batean. Gure ikasleak ikasle arrakastatsuak bihurtzeko gakoak zeintzuk diren aipatu dizkigu, gure jardunean beharrekoak izango direnak; beste aldetik, Sare Hezkuntza Gelan  murgilduta dauden ikastetxeko arduradunek helarazitako azalpen interesgarriak; eta, azkenik, PraktikaON-ak #eDIGCOMP-en hangoutaren bideoan aipatutakoak.

Ikastaro honetako irakasleek gure taulan “kudeaketa-estrategiak izateko eta garatzeko” atala jarri digute “konfiantza eta autoestimua” agertu beharrean eta azken hau faltan bota dut; hala ere, bertan aipatuko nukeena sormenaren atalean sartu dut, emozioak hor ere kokatuko nituzkeelako.

Talde-lanean osatutako taula txertatzeaz gain, hangoutaren bideoa ikusi osteko hausnarketa gehituko dut jarraian. 




Gutxienez behar dugu...
Ongi egoteko behar dugu...
Bikain aritzeko behar dugu...
KOLABORAZIOA BULTZATZEKO EDO SUSTATZEKO
- Espektatibak izan, helburuak zehaztu
- Eztabaidarako jarrera positiboa izan
- Kolaborazio lanabesak ezagutu
- Ikasleak/ lankideak ezagutzeko prestutasuna.


- Lana eta lan prozesuarekiko adostasuna izan
- Beharrizanak identifikatu
- Irakasleon arteko komunikazio-sistema eraginkorra
- Ikasle/lankide harremanetan sakondu.
-Lana norberarena ere dela sentitu, proiektuaren parte garrantzitsua garela sentitu
-Hezkuntza komunitatearen sare egonkor bat
- Denbora konkretua horri dedikatzeko
- Denon arrakasta bermatu: jarduera denon arrakasta lortzeko modukoa izatea
- Ikasle/lankide harremanetatik jasotakoa baliatu.
KOMUNIKAZIOA BULTZATZEKO EDO SUSTATZEKO
- Ikasleen nahia eta beharrak identifikatu
- Entzuten jakin.
- Komunikazio lanabesak ezagutu
- Transmisioan, norengandik, nola eta norentzat galderen erantzunak definitzea
- Espazio egokiak sortu.
-Alderdi emozionala eta autoestimua garatuta izan (ikasle zein irakasleok)
- Komunikazio bide egokiena (komunikazio jasotzaileen arabera) bilatzea eta gauzatzeko oinarrizko baliabideak izatea
- Segurtasun oinarriak finkatzea.
- Komunikazio tresna bateratuak.
- Hurbiltasuna eta konfiantza
- Talde kooperazioa landu
- Etxekoek eta ikastetxeko kideek jakitea zertan ari garen, konplizitateaz arrakasta lortzeko
- Komunikazio bide azkarrak eta seguruak erabiliz partaide guztien aportazioak jasotzea eta optimizatzea
- Komunikazioa denon esku.
EDUKIAK
PROPOSATZEKO
ETA LANTZEKO
- Beharren errealitate azterketa bat burutzea
-Arazo egoera egoki bat diseinatzea
-Interesa sortu
- Helburuak zehaztu
- Curriculum zehaztu bat
- Moldatzen jakin.
 - Egiten ari garenari balioa eman
- Proiektua bera, errealitatean aplikatzeko baliabideak ezartzea
- Irakasleon arteko komunikazio-sistema eraginkorra
- Irakasleon arteko lankidetza.
- Planifikazioa
- Edukien elkarreragina izatea
- Tresnak eskaini
- Ikastetxeen arteko kolaborazio-sarea
- Emaitza lortu ondoren, arazo egoera berri bat sortzeko eduki nahikoa izatea, berriz ere prozesu berri bat hasteko
- Irakasle guztiek eduki bateratuak sortzea.
PENTSAMENDU
KRITIKOA
GARATZEKO
- Barne hausnarketa (indibiduala zein kolektiboa)
- Ikuspuntu orokorra
- “Atzerantz begiratuz aurrera egitea” oinarri hartzea.
-Irekitasuna: jarrera positiboa izatea
- Eskolaren helburua zein den garbi izan.
- Beharrizanak identifikatu
- Gure lanaren behaketa eta kritika
-Autokritikarako gaitasuna
-Kritika konstruktiborako gaitasuna izatea
- Kritika sustatu
-Ikasleen autoestimua landu: lorpenak ospatu, espezial sentiarazi...
- Erlazio estu beste irakasleekin eta bilerak komunean jartzeko
- Lanean/ekoizpenean jasotakoa txertatu.
- Ikasleak arazoen aurrean jarri
SORMENA ETA BERRIKUNTZA
SUSTATZEKO
- Talde lana, sormena, sustatu, landu…
- Ikasleak erronka baten aurrean jarri
- Ikasleen interesetatik abiatu.
- Aurrez eginiko edo sortutako proiektuen ezagutza izatea
- Espazio eta baliabide egokiak
- Malgutasunez jokatu.

- Presio kurrikular gutxiago
- Sortzen den berri horretatik tiraka jarraitu.
- Berrikuntzak txertatu.
KUDEAKETA-
ESTRATEGIAK IZATEKO
ETA GARATZEKO
-Ikas komunitate guztiaren babesa
-Erabiltzaileon konpetentzia digitalen ezagutza neurtu
- Zuzendaritza-taldeak lan-karga administratibo gutxiagorekin
- Espazio eta baliabideak birpentsatu.
- Espazio eta baliabide egokiak
- Guztion inplikazioa.
- Plataforma digital sendo eta komun bat
-  Espazio eta baliabideak denon esku/kontu
 
Ikaslea izan behar da abiapuntua. Klase magistralaren eredutik proiektuetan oinarritutako irakaskuntzara egin behar dugu jauzi. 6Cak aurrera eramatea ezinezkoa delako klase magistralen bitartez. Irakaslegoaren inplikazioa guztiz beharrezkoa da, denon kolaborazioa. Andekak bere azken berbetan esandako aipua nabarmenduko nuke: baloreak ezin direla teoriarekin irakatsi jarrerarekin baizik.

Hangoutaren bideoan Josik zailena oreka lortzea dela dio: 6Cko gako guztiak landuta zelan lortu oreka. Orain arte izan dudan esperientzian oinarrituta, niretzat zailena irakasleon arteko kolaborazioa da. Amaiak dioen bezala, irakasle askok ez dute ezer berria sortzeko edo egiteko asmoa eta jarrera horrek besteon bidea oztopa dezake. Adibidez, zuk zeuk gai bat modu batera landu eta jorratu arren, agian maila bereko beste geletan klase magistral bidez irakasten dute gai berbera eta ikasleak eta gurasoak galdezka eta kexaka hasten dira, konparaketak egitea naturala eta normala delako. Niri gertatu zait hori eta ez diot irtenbide errazik ikusten, irakasleon jarrera hori aldatzea ez delako hain erraza: eguneroko erosotasun ez praktikotik, lan egiteko modu praktikorako jauzia ez delako askorentzat hain erosoa.

Niretzat guzti hau erronka oso erakargarria da, baina momentu honetan, ordezkoak gabiltzan moduan, egonkortasun barik, gaitz samar ikusten dut paper aktibo bat izatea, helburua arrakastatsua izatea. Izan ere, ezin dut nik nahi dudan irakaskuntza mota ondo txertatu, horretarako esperientzia beharrezkoa delako, esperimentazio bidez bide zuzena marrazteko.

Bukatzeko gauza bat esan  gura dut, berak gonbidatu gaituenez, hortxe botako dut nik ere: Josik bezala nik ere pasatu nahiko nuke Juanen gelan goiz bat, pizza nire kontura!

2017(e)ko martxoaren 8(a), asteazkena

Praktika onak



Berritzegune nagusiko Ainhoa Pujanak praktika onen osagai nagusiak, gakoak, laburbiltzen ditu bideo honetan.

  1. Komunikazioa
  2. Kolaborazioa
  3. Edukiak
  4. Pentsamendu kritikoa
  5. Sormena eta berrikuntza
  6. Alderdi emozionala/autoestimua
Irakastea ikaskuntza egoerak sortzea dela diosku. Egoera horiek planifikatzeko estrategia metodologikoak ezinbestekoak direla:

1.      Estrategia kognitiboak: ikasleak erronka baten aurrean jarri beharra
2.      Estrategia sozialak: kooperazioa eta gizarteratzea. IK/KI bertan dago.
3.      Estrategia emozionalak: Gelako giroa zaindu, espektatiba altuak izan behar ditugu…
4.      Estrategia digitalak: Informazioaren kudeaketa eta ekoizpena, guk zein eurek, ikasleek.
5.      Kudeaketa-estrategia: denborak kudeatzen jakin, espazioak…

Sei gakoetatik batan bat nabarmentzekotan, kolaborazioa nabarmenduko nuke, ikasleen zein irakasleen arteko kooperazioa eta kolaborazioa ezinbestekoak direlako gainerako gakoek ere arrakasta izan dezaten. Horixe izan behar da irakaskuntzaren oinarria, kolaborazioan oinarrituta, pausuz pausu joango gara gainerako gakoak ehuntzen.

Aipatutako estrategietatik abiapuntu bezala lehenengoa aipatuko nuke. Arazo-egoera bat sortuz, azken punturaino, arazo-egoera horri irtenbidea bilatuz, gainerako estrategiak landuz.  Estrategia emozionalak eta sozialak guztiz lotuta daude, bata bestearen osagarri dira, sozialak arrakasta izan dezan emozionala landu behar delako: giro on eta aberasgarri horretan lan-talde polita osatutakoan, lortuko da abiapuntuan zehaztutako erronkak eta helburuak lortzea.

2017(e)ko martxoaren 6(a), astelehena

Irakasleon inplikazioaz



Jarduera honetako bideoak ikusterakoan, lehenago ikastaro honetan bertan nik aipatutako pare bat aipu etorri zaizkit gogora, zelanbait esateko, lehenago nik aipatutako bi kontu errepikatu direla esango nuke eta nire hausnarketa idazterakoan, behardada lehenago esandako gauza bera errepikatuko dut. Baina denok dakigu, irakaskuntzan eskarmentua daukagunok badakigu hori eta, gauzak behin baino gehiagotan errepikatzea ez dela zertan astuna edo errepikakorra izan, gauzak behin eta berriro azpimarratzeak nabarmendu gura dugun horri garrantzia ematea dakar-eta.

Argi eta garbi dago hezkuntza eredua aldatu behar dela, eta horretarako ereduak izatea beharrezkoa da: gaur egungoek beste nonbaitetik hartuta eta zergatik ez, etorkizun hurbil batekoak gaur egungoengandik jasoa.

Irakasleon etengabeko formakuntza beharrezkoa da, eta ezin gara eskoletan ematen dituzten formakuntza-saioetara mugatu. Kalitatezko hezkuntza bat nahi baldin badugu, etengabeko irakaskuntzan murgildu behar gara, presio barik, baina lokartu barik. Medikuen ogibidea garrantzitsua da bizitzak dituztelako beraien eskuetan, baina gure kasua ez al da bera, bada? Beraz, beraiek bezala gu ere bizimodu aldakor honetan integratu behar gara nahitanahiez.
Iaz, gure institutuan IK/KI (Ikasteko Kooperatu / Kooperatzen Ikasi) programa txertatzen hasi ziren eta horretarako hainbat formakuntza-saio eman zizkiguten irakasleoi. Hala ere, nik gai hori jorratzen zuen ikastaro bat egin nuen online hementxe bertan, oraintxe egiten ari garen moduko bat. Lankideei ikastaro horren berri eman arren, inor gehiago ez zen animatu, nahiz eta jakin hurrengo ikasturteetan ere metodologia hori erabili beharko zutela eta denak guztiz galdurik egon arren.
Gure ikasleek eta beraien gurasoek horren berri izanez gero, zelan uste duzue erreakzionatuko zutela? Beraiek eredutzat dituztenek jarrera hori baldin badute, zelan exijituko diegu guk geure buruari exijitzen ez dioguna?

Maitek kontatzen duen hatxe hizkiaren/ adibidean erabat identifikatuta sentitu naiz, bai horixe! Beste irakasleek ez ei dute kontuan hartzean bera ordura arte matxakatzen ibili dena, eta nik neuk ondo ulertzen diot sentitzen inpotentzia sentimendu hori ezagutzen dudalako. Hementxe berridatziko dut NIAri buruz aritu ginenean, gure foroko elkarrizketa batean kontatu nuena:
Iaz Bigarren Hezkuntzako oposaketetan, nire lankide batzuk tribunalean egon ziren, tartean euskara mintegiko bat. Esan zigun lotsagarria zela, ezin zela sinistu, zuzendu behar zituzten idatzizko azterketa askoren euskara maila: ergatiboak gaizki erabilita, esaldien ordena, puntuazio desegokia, ulergaitzak ziren idatziak, akats ortografikoak... Jende gutxik gainditu zuen eta gainditutako askok tribunaleko kideen eskuzabaltasunari esker, oso zorrotz jarriz gero, askok jende gutxiagok gaindituko ei zuelako.
Irakasle-gelan kontu horri buruz berbetan geundela, beste mintegietako hainbat lankidek esan ziguten beraien ikasgaietan ezin zirela hain zorrotz jarri hizkuntza kontuekin, edukiari eman behar ziotelako garrantzia. Nire erantzuna berehalakoa izan zen, ezin bainuen onartu entzuten ari nintzena. Hau da, euskara irakasleok baino ez al dugu hizkuntza zuzena exijitu behar? Hizkuntza behikularra izanik, zelan onartu daiteke jarrera hori? Ezta pentsatu ere! Hor ere beste arlo askotan bezala, kontzientzia falta itzela dagoela iruditzen zait. Zelan gainditu dezake gure seme-alaben irakaslea izan daitekeen pertsona batek horrelako oposaketa bat, bere arloko edukiak menperatu arren, euskara maila egokia izan barik?”

Ikastetxe mailako IKT plana behar dela aipatzen du Maite GoƱik bideoan. Horrekin guztiz ados nago, baina ni haratago ere joango nintzateke. Josik lehenago aipatu du irakasleon arteko kooperazioa eta koordinazioa behar dela, baina gai honetan ikastetxeen arteko koordinazioa eta kooperazioa exijituko nuke nik, ikas komunitatearena, hain zuzen ere. Eusko Jaurlaritzak eta Hezkuntza Sailak lan asko dute egiteko IKTen eta konpetentzia digitalen arloan, baliabide urriak eta tresna zaharkituak nonahi aurki daitezkeelako: konexio eskasak, hainbat ikastetxetan paleolito garaiko ordenagailuak eta kopuruz murritzak, sarean irakaskuntzarako baliagarriak izan daitezkeen atari batzuetarako sarrera mugatuak, ikusentzunekoetarako soinu deitoragarria…
Aurreko blokeko jardueran, NIA aztertzerakoak ere aipatu nuena errepikatu dut hemen: “Uste dut aipagarria dela nabarmentzea ikastetxe batetik bestera lan egiteko era asko aldatzen dela eta ondorioz, gure lan egiteko era eta gure baliabideak ere bai. Ikasturtez ikasturte (edo baita epe laburragoan ere) ikastetxez aldatzen garenok zentro horretako lan egiteko modura moldatu behar gara, nahiz eta norbere lan egiteko erak eta norbere identitateak ere irmo jarraitu. Horrelakoetan ez da hain erraza lehenago erabilitako tresna bat erabiltzen jarraitzea, posible delako zentro berri horretan beste baliabide bati ematea garrantzia eta zuk ere hori erabili behar izatea aurrekoa barik”.

2017(e)ko martxoaren 1(a), asteazkena

Arazo-egoeratik Unitate Didaktiko-digitala diseinatzera



 Hirugarren bloke honetan, arazo-egoeratik unitate didaktiko-digitala diseinatzea da oraingo honetan egin behar izan duguna. DBHko 4. mailarako edo Batxilergorako baliagarria den bat osatu dut nik.
Antzeko ataza bat egin izan dut nire ikasleekin, nahiz eta planteamendua ez izan berbera, baina arrakasta izan zuenez, gai bera lantzea bururatu zitzaidan egin beharrekoa zein zen ikusitakoan.

Euskara gertuko gaia da guztiontzat, baina askotan gertutasun horrek beldurra eta konfiantza falta sortzen du hiztunengan. Zenbat aldiz entzun behar izan ditugu, batez ere gure inguruko adinekoen berbetan honelako esanak: “Nik ez dakit oso ondo euskaraz; nire euskara ez da batere ona; gaur egungo gazteok bai badakizuela ondo berbetan; Tolosakoena, haiena bai hizkuntza ederra eta garbia…”
 
Konplexuz betetako herrian bizi gara eta horri buelta emateko garaia da. Euskarak dakarkiguna eskertzea, eta gaiarekiko jakin-mina sorraraztea da helburua. Beronen aniztasuna ezagutzea eta estimatzea. Hau da, kontzientziazioa. Honelako unitate didaktiko batek ikuspegi konstruktibista izan behar du oinarrian, ikasleak jarrera positiboa izan dezan, parte hartze aktiboaz.

Euskara eta Literatura irakasgaia oso egokia iruditzen zait proiektu bidez lantzeko, ikasleen parte hartzea ahalbidetu eta ziurtatu dezakegulako. Baina orain arteko esperientzian oinarrituta esan dezaket, nahi izatea eta ahal izatea ez datozela beti bat. Ordezko irakasleak nahiko lotuta egoten gara egin beharrekoetara, aurrez zehaztuta egoten delako zer eta zelan egin behar den eta zoritxarrez, irakasleon arteko adostasun eta batasun falta nabariak dira. Maila berean ikasgai bera irakasle batek baino gehiagok eman behar duenean, koordinazio minimo bat egotea komeni da eta gaia zelan landu behar den ere adostu behar da irakasleen artean. Adostasun hori lortzea ez da beti posible, batzuk gurago dutelako betiko eran egin, dena prestatuta dutelako eta ez dutelako lan edo esfortzu gehigarri bat egin; erronka interesgarri bat izan barik, askorentzat karga hutsa baita. Esate baterako, irakasle batek modu interaktiboagoan landuz gero ondoko gelakoek landu behar duten gai berbera, ikasleak laster hasiko dira kexuka eta azalpen eske normala den moduan.

Ahotsak ikasgelan webgunean badago gai hau lantzeko baliagarria den ariketa. Honako hau oinarritzat hartuta planteatuko nieke nik osatutako unitatea.